XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berdea zeukak ba, nahi ez badu ere!.

Yolok mendian oihu egingo balu bezala ahoa zabaldu duen arren, Txapik ez dio entzun.

Belarria, joder, berdea daukala.

Eta oraingoan Txapik bere belarriari heldu dio, bere lekutik eten eta begien aurrera ekartzeko keinua eginez.

Hik ez motel, harunzko hark! egin dio buila blastadatxo bat emanez, ttikia.

Batzuetan, egia da, musika gehiegi altxatzen dute, baita gure disc-jockeyak ere.

Hik ematen duk beroa!, edo antzeko esapideren bat erantzun dio Txapik, eta Rokerengana joan da, haren belarrira.

Rokek serioagoa dirudi, eta agian horren froga litzateke taldeak oraindik ezizenik jarri ez izana.

Ez dakit. Baina dagoeneko jarri ez badiote, malo; edo bueno, Rokeri hala gustatzen bazaio.

Ezizenak goiz ereiten diren irainak dira, haurtzaro gordinean, iseka egiteko.

Umotzeko denbora asko eskatzen duen landarea da, eta normalki fruitua nerabetasun garairako heltzen da: horra umetako iraina orain nerabearen izaera eta harremanak sendotuko dituen elikagai bilakaturik.

Ohore bat, norbait bazarela adierazten duelako.

Dena den, Roke serioak ere erre du denek erre duten txirria, eta garagardo apur bat bota du basoa mostradorean lagatzera zihoanean, ipurdiarekin zertxobait altuagoa dagoen barra-hegia jota.